2024ko otsailaren 20a da, telefono dei bat jaso duzu. Hezkuntza Delegaritzatik deitzen dizute bihar Sodupeko eskola publikoko 4 urteko gelan ordezkapen bat egiteko. Momentuz, ez dakite zenbaterako izango den. Urduri zagoz, lehen gauza egiten duzuna Internet ireki eta Sodupera zelan joan aztertzea da. Bigarrena, sarean Sodupeko eskola publikoa jartzea da. Zer bilatuko duzu weban, erabilgarria suertatzen zaizuna zure lehen eguna gainditzeko? Non ikusi ditzakezu zer egiten duten HH 4 urteko haurrek? Zer presta dezakezu lehen egun horretarako?


Deskribatzen den egoera hau, errealitatean gerta nahiz eman daitekeen eta ohikoa den egoera bat da. Ez da arraroa irakasle bat gaixotzea, garrantzi handiko zerbait egin beharra izatea edo beste edozein arrazoi direla eta ikasgelara joan ezin izatea. Arrazoi desberdin hauek direla eta, edozein unetan izan dezake irakasle batek ordezko baten beharra eta ordezkapen honen iraupena desberdina izango da kasu guztietan edo bakoitzean.
Egoera honetan irakaslea ni neu naiz eta niri dagokit Sodupeko eskola publikoan ordezkapen bat egitea zenbat egunekoa izango den jakin gabe. Alde batetik, eskola horretako haur hezkuntzako ikasgeletako ohiturak zeintzuk diren begiratuko nuke, haurrak errutina batera egokituta baldin badaude, honetatik ez ateratzeko eta egunerokotasunean egiten dituzten jarduera desberdinen edo lantzen dituzten gaien inguruan informatuko nintzateke, haiek ezagunak dituzten ekintza eta kontzeptuekin jarraitzeko. Bestalde, ikasgeletako espazioak nola antolatzen eta banatzen diren begiratuko nuke, espazio edo txoko bakoitzak bere funtzioa (irakurtzeko, marrazteko, jolasteko…) izan dezakeelako eta umeak horretara ohituta baldin badaude, aldatzea deserosoa izan daitekeelako beraientzat.
Honekin  jarraituz, HH 4 urteko haurrek zer egiten duten bilatzeko sarean nire inguruko eskoletan adin honetako haurren ikasgeletan zer egiten den bilatuko nuke edo esperientziadun pertsonaren batengana, hots, hezitzaileren batengana joko nuke, hark zalantzak argitu eta aholkuak emateko. Baliteke, bigarrengoak lehenengo eguna gainditzeko baliagarriagoak izango diren baliabide eta laguntza gehiago eskaintzea, azken finean, zuzeneko elkarrizketa bat izango litzateke eta esandakoa praktikara eraman ezkero, hasierako egun hori aberasgarria edo arrakastatsua izan daiteke. Dena den, edozein kasutan ere, ondo informatuta egoteak eta zalantzak argituta izateak, beldurra kentzeko ere balio izango lidateke eta haurrei zuzentzerako orduan lasaiago egongo nintzateke. Azken hau oso garrantzitsua da, beldurra, gutxi bada ere, azaleratuko banuke haurrek igarri egingo luketeelako eta horrek beraiengan ere segurtasun nahiz konfiantza eza sortzeko bidea eman dezakeelako. 
Azkenik, lehenengoko egun honetan garrantzia hartuko luketeen alderdiak konfiantza eta segurtasuna izango lirateke. Honetarako, haurrekin egiteko jarduera nahiz ekintza desberdinak prestatuta eramango nituzke. Ni haientzako pertsona ezezagun bat izango nintzateke eta oso arraroa izango litzateke beraientzat atetik sartzen den irakaslea betikoa ez izatea. Horregatik, haienganako hurbiltasuna erakusteko, hasiera batean, nire buruaren aurkezpen bat egingo nuke, baina modu dibertigarri eta dinamiko batean. Irudiak eta marrazkiak erabiliko nituzke nire izena, herria, gustoko ditudan gauzak… haiekin partekatzeko. Bien bitartean, haurrek nirekin bat datozen edo haiek ere gustoko dituzten gauzen aurrean zutik ipintzea eskatuko nieke, modu honetan haien parte hartzea ere sustatuz eta jarduera entretenigarriagoa eginez. 




Comentarios